HIZKUNTZA GUTXITUETAN EGINIKO EKOIZPENENTZAKO LAGUNTZAK KULTURAK SUSPERTZEKO EUROPAKO EBAZPENEAN

Europako Batasunak kultur sektoreari pandemiaren ondoren suspertzen laguntzera begira martxan jarri behar duen planari buruzko ebazpena onartu du gaur Europako Parlamentuak. Kulturaren sektorea biziberritzeko planari buruzko legebiltzar-ebazpenaren negoziazioan egin ditudan hainbat ekarpeni esker, testu horrek berariaz jasoko du hizkuntza gutxituetan eginikoekoizpenei  laguntza ematea. Ebazpenak berretsi egiten du kultur jarduerak Europako aniztasunaren eta sormenaren adierazpen gisa duen garrantzia, eta haren dimentsio industriala eta BPG-ari eta enpleguari egindako ekarpena azpimarratzen ditu. Era berean, sektoreak  eta bere profesionalek  sufritutakoa eta COVID-19ak kulturan ekarri duen eragina aitortzen ditu, eta Europa Sortzailea plana nabarmen handitzea eta gutxienez planaren %2arekin Batasuneko sortzaileei laguntzea proposatzen du.

Ebazpenak kulturaren dimentsioa eta ekarpena aitortzen dio Europako ekonomiari, BPGaren % 4rekin, gutxi gorabehera, «Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) edo ostalaritzaren antzeko portzentajearekin». Gogorarazi du iaz 7,4 milioi pertsona ari zirela lanean kulturaren sektorean Europako hogeita zazpi herrialdeetan, hau da, enplegu osoaren % 3,7, eta azpimarratu du sektoreko autoenpleguaren edo langile autonomoen maila gainerako ekonomian erregistratzen denaren bikoitza dela. Pandemiak industria horretan izan duen eragina ebaluatzen duten txostenen arabera, fakturazioa % 80 murriztu da, eta, une honetan, zaila da epe ertain eta luzean izan ditzakeen ondorioak iragartzea.

Hizkuntza gutxituetako ekoizpenak berariaz aipatzeko egin dugun proposamenaren bidez, zuzendu egin nahi dira, askotan, sortze-lan horiek Erkidegoko programetan sartzerako orduan hizkuntzaren eraginez  dituzten zailtasunak. Horietako askok Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetan egiten direnei ematen diete lehentasuna, Batasuneko estatu kide guztietan egiten direlako. Era berean, hizkuntza gutxituetako hezkuntza-eskaintzak baztertu egiten dira Erasmus plus bezalako mugikortasun- eta truke-programetan, eta zailtasunak izaten dituzte erkidego mailako lehiaketetan parte hartzeko.

Arrazoi horiengatik, ebazpen honen negoziazioan hainbat proposamen egin nituen arazo hori gogoratzeko eta aipamen espezifikoen bidez konpontzeko. Lehena, Batasunaren goiburuak aipatzen duen aniztasunak kontinentean hitz egiten diren hizkuntza gutxituak ere barne hartu behar dituela. Halaber, alternatibak planteatu nituen, Renew taldeak negoziaketetan aurkeztu zuen proposamenean jasota daudenak, hizkuntza gutxituetan eginiko produkzioen berariazko aipamena txosten horretan jasotzera begira. Argudio horiek babestu nituen Loreak eta Handiak bezalako produkzio arrakastatsuak gogora ekarriaz, biak euskaraz egin direlarik.

Berariaz eskertu behar dut txosten honetan nire taldeko txostengile Laurence Farrengek planteamendu horri eman zion berehalako babes irmoa eta negoziazioan parte hartzen duten gutxiengoen taldearteko  zenbait kidek proposamen horren alde egindako lana. Hauen artean Lorant Vinze, PPE taldeko kidea, Gutxiengoen taldearteko presidentea, Fueneko presidente ohia eta Minority Safe Pack  ekimena Euskadin bultzatzeko lan egiten ari dena.

Azkenik, talde guztiek negoziatutako ebazpenaren  30. artikuluak printzipio hori jasotzen du. Horrela, Parlamentuak uste du «Europako kultura- eta sormen-eragileei laguntzeko estatu kideek eta Batzordeak hartutako neurriek Europako kultura- eta hizkuntza-aniztasuna islatzen duten eragile eta ekimenak babestu behar dituztela, hizkuntza gutxituak barne». Gaur bozkatutako testuak jaso duen Talde Popularraren,Sozialisten ,Demokraten, Renew (Oraintxe bertan gu geu barruan gaudela) eta baita ere ALE ( Europako Aliantza Askea) ERC (kontserbadorek eta erreformistak) eta GUE (Europako Ezker Berdea) . Hau da bosketaren emaitza:Bai, 598,; Ex, 42; Abstenzioak, 46.

Lorpen hori Europako Batasunaren goiburuaren garaipen bat da, ‘Aniztasunean batuta’. Egunero lan egiten dugu, hizkuntza gutxituak, beren kultur adierazpenak eta hizkuntza horietan egiten diren kultur produkzioak Europaren eta bere aniztasunaren parte izan daitezen. Horietako bat da Euskara, eta  aste honetan bertan  lortu dugu Europako Parlamentuak  hizkuntza gutxitu horiek jasotzea kulturgintza sektorea biziberritzeko planean, sektore hau pandemiaren ondorioek  horren gogor kolpatu  dutela ikusirik.  Baina,lanean jarraitu behar dugu, behin eta berriz esan behar dugu kultur produkzioen interesa ez dela gutxiago edo gehiago hizkuntza batean edo bestean egiten  bada. Kultur produkzioak berez dira baliotsuak, adierazten duten sormenagatik, beren kalitateagatik, beren orijinaltasun edo jatortasunagatik. Badira euskaraz egin diren hainbat produkzio mundu zabalean arrakasta handia lortu dutenak,  dela gure mitologiari buruzko liburu bat, dela Loreak edo Handia bezalako pelikulak. Horrek argi eta garbi erakusten du produktu  bat ona bada, kalitatezkoa bada, nahiz eta hizkuntza gutxituan egina izan, arrakastatsua izango dela, funtzionatuko duela. Beraz, argi eta garbi utzi behar dugu horiek ere  Europako programen babesa merezi dutela.

ERDERAZKO BERTSIOA.

 

Tags: , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario