MENDI TONTORREAN

Garaia, liraina,gihartsua, mendian bizi izandakoak zizelkatua, espero zitekeen bezala. Barrutik eta kanpotik ondua. Gailurrak eskalatzen dituelako. Etxetik irten gabe, `zortzimilarik´ gogorrenaren parekoak gainditu behar izan dituelako. Gizonezkoak nagusi diren kirol baten tontorrera iritsi delako. Hamalau `zortzimilak´ egin dituen lehen emakumea delako. Eta handik, goi-goitik, mundu osoko lankideen artean, egiaztatu ahal izan duelako garen bezala ezagutzen gaituztela;handik goitik, Europara begiratuta, ikusgarri eta ezagun egiten gaituen Basque Country marka ikusten dela; Mundua horren liluragarri egiten duen poliedroaren zati bat garela.

Berarekin hitz egin nuen Gernikako Batzar Etxean, martxoaren zortzia ospatzeko elkartu ginen emakumeak hainbeste hunkitu gintuen ekitaldia bukatutakoan. Bihotzez eskertu diot berarekin hitz egiteko aukera, benetako luxua, berdintasunari buruz entzun diodan diskurtso eguneratu,hunkigarri eta benetako horrekin egiaztatu ahal izan dudan moduan.Gizakiaz ere hitz egin dugu, poztasunaz, garaipenaz eta frustrazioaz. Ulertezintasunaz ere bai. Depresioak eraman zuen amildegiaz.

Egoera zailei aurre egiteko prozesuan bizi izandakoak azaldu dizkigu. Erabakimena, gaitasuna, esfortzua, adimen emozionala eta arrazionaltasuna dira kontakizun horren elementu nagusiak. Eta, kontakizun horretan, lideratzeko bestelako molde bat agertzen zaigu, emakumeen lidergoa, mendez mende “alfa arraren” moldeak ezagutu dituen munduak argi eta ozen eskatzen duena.Hobetzeko aldaketa, denok  behar eta merezi duguna.

Irudi poetiko egokia ere bada. Emakume bat haizetearen kontra, korrontearen kontra, estereotipoak eraisten. Eta, bai, egingarria dela eta lortu ahal dela erakutsiaz eta,aldi berean, bakoitzak bereari eutsiz, taldetik aldatu beharrik egon gabe. Gizabanako bakoitzak bere bidea aukeratzeko daukan eskubideari eutsiz, moldeak hautsi arren, harridura sortu arren. Zerbaiti uko egitera eraman behar bazaitu ere………. Uko egin? Zeri? Ez, aukeratzea da hitza. Hor dago gakoa. Aukeratzea. Eta aukeratu, jaioberritan jarri zizuten arropatxoaren koloreak edo belarrietan galdetu gabe egin zizkizuten zuloek baldintzatuta egon Gabe.

Eta erabakitzea. Emakumea. Erreferentzia. Eredua. Liderra. Bakarra munduan. Oinarri horiek dituzte Edurne Pasabanen urratsek eta hitzek, bere diskurtso dotore, irmo, eder eta ausartak. Mendi Tontorrean.

BAKARRA MUNDUAN

Edurne Pasaban da, mundu mailan, gailurrik altuenak igo dituen lehen emakumea. Lorpen horiek gizonezkoen munduan nola bizi dituen kontatu digu, bidean agertu zitzaizkion edo jarri zizkioten oztopoak azaldu dizkigu, mundua bitan zatitzeari eta emakumeen eta gizonen mundua bereizteari uzteko zer falta zaigun esan digu.

HAMABOST ZORTZIMILAK

Edurnek hautua egin behar izan zuen lorpen hori erdiesteko. Ez zitzaion erraz gertatu. Hainbat gauzari uko egin behar izan zion, moldeak hautsi zituen. Eta faktura bat ordaindu zuen: hamabosgarren zortzimilari aurre egin behar izan zion. Esaerak dio ez dagoela adar beretik ateratakoa baino ziri okerragorik. Depresioa zer den ondo azaltzen duen esaldia.

GOITIK ERE IKUSGARRIAK GARA

Esaten dute gai bati Europako ikuskeratik begiratzea dela goitik begiratzea. Edurne, goi-goitik begiratzera ohituta dagoenez, ondo azaldu ahal digu nola ikusten gaituzten, mendi gailurretik, euskal emakume eta gizonak. Eta atsegin dut kontatu diguna. Ikusgarriak gara, ezagunak gara.

BASQUE COUNTRY

Herri-marka daukagu. Eta bereziki alpinismo profesionalaren munduan, hiru euskaldun daude hamalau “zortzimilak” behin edo behin eskalatu dituzten 18 pertsonen artean. Eta, jakina, halako estatistika batek nolabaiteko jakin mina sortarazten du. Garena azaltzeko irudi bat dago eta arrisku handiko kirol batek exijitzen dituen trebetasun teknikoetatik harago doa.Ez ezazue galdu Edurne Pasabanek berak kontatu diguna.

AUTOESTIMUA FALTAN ALA APALEGIAK OTE GARA?

Hausnarketa ona. Herri-marka hau, alpinismo munduan horren argi dagoena, beste hainbat jardueratan proiektatzen da, eta ikusgarri eta ezagun egiten gaitu Europan eta munduan.Garena eta munduan islatzen duguna benetan sinesten baldin badugu……….. autoestimua faltan dugu ala apaltasuna soberan?

JAKIN MINETIK HARAGO

Nortasun-ikur horien artean bat da deigarriena eta jakin min handiena eragiten duena. Une batez,irudika ezazue herrialde ezberdinetako alpinistak elkartzen diren kanpamentu basea, hizkuntza ezberdinak entzuten dira eta, euren artean, Euskara. `Zortzimilak´ egiten dituztenen herri txikiko hizkuntza. Hizpide edo bitxikeria baino gehiago. Benetan merezi du Edurne Pasabanek bideoan kontatuko diguna entzuteak.

EZIN DENEAN, AHAL DENA

Kemena behar da grabitatearen legearen kontra aritzeko. Eta, emakumea bazara, are zailago daukazu. Fisika legeak emakume eta gizonentzat berdinak izan arren, batzuek bestela pentsatzen dute eta aurre iritziz betetako motxilarekin zamatzen zaituzte. Hala bizi izan du Edurne Pasabanek.

JUANITO JUANITO JUANITO

Ez nuke elkarrizketa hau amaitu nahi, une batez kazetariarena egin gabe. Zer gertatu zen Juanito Oiarzabalen hika-mika harekin?. Zentzuzko erantzuna,berriz ere. Han bizi izandakoak bizi ondoren…

 

Tags: , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario

Plugin creado por AcIDc00L: noticias juegos
Plugin Modo Mantenimiento patrocinado por: posicionamiento web