ON EGIN, ERE, EUROPAKO LEGEBILTZARRAN

| 12 diciembre 2016 | Responder
Bruselako lehen On egin jatetxearen inaugurazioari buruzko egin nuen txioka orain dela urte bete (2015-17-10)

Bruselako lehen On egin jatetxearen inaugurazioari buruzko egin nuen txioka orain dela urte bete (2015-17-10)

Egunotan ireki da Europar Parlamentuan Atlantiko aldera gehien jotzen duen jatetxe “mediterraneoa”. Josu Oterial, Euskadiko ostalaritza sektoreko enpresaria, euskal “On Egin” marka zabaltzen ari da lan handia eginaz, indarrak ondo neurtzen jakinaz eta kalitate handiko produktua eskainiaz. Hori dela eta, Europar Parlamentuko administrazioak enpresa hori aukeratu du Bruselako egoitza erraldoian dugun txoko gastronomiko hau kudeatzeko. Inauguratzeko ekitaldian izan nuen berarekin hitz egiteko aukera. Elkarrizketa ikusi ahal duzue kronika honen hasieran jartzen dugun bideoan.

Josuk On Egin markarekin lortu duena ez da bat ere erraza. Halako jatetxe bat kudeatzeko lehiaketa irabaztea oso gauza konplikatua da, benetan. Lehengo egunean izan nintzen jatetxea irekitzeko ekitaldian, eta lehiaketa eta esleipen prozesu osoaren arduradun izan denarekin hitz egin nuen.On Egin enpresako kudeatzaileek egin dutena benetan harritzekoa eta ikusgarria izan dela esan zidan. Asko eskatzen diegu, aurkeztu nahi izan zuten guztiei bezala. Hainbat proposamen bidean geratu ziren eta ez zuten pasatu baldintza guztiak betetzeko ezartzen den prozesua.

Eta, harridura eta poza da,hain zuzen, Europar Parlamentuan ondo jateko dugun txoko honetara hurbiltzen naizen bakoitzean. Egia esan, alde batera uzten dut beti parlamentuan egiten dudan bizimodua nolakoa den azaltzea, hau da, paper gabeko momentuak, txosten gabekoak, bazkaltzeko momentuak, afaltzekoak… Behar bada,izan daiteke une bakoitza intentsitate handiz bizitzera garamatzan zurrunbilo honetan, jatorduak errutinaren parte direlako. Batzuetan, une hori aprobetxatzen duzu beste orduren batean kontaktatu ezin duzun horrekin egoteko eta akordioren bat adosteko, zuzenketaren bat negoziatzeko edo Europar parlamentuko eguneroko bizitza aberasten duten ekimenak martxan jartzeko. Ez dugu ahaztu behar egun bakoitzean hogeitik gora ekimen aurkezten eta garatzen direla hainbat gairen inguruan.

Beste batzuetan, ordu erdiko tartetxo hori etenaldia egiteko erabiltzen duzu eta egin beharrekoak parlamentuko kantinan egiten dituzu. Ez dago gaizki, ondo dago prezio eta kalitatean, baina apur bat “hotz” egiten zaizu. Egia esan, normala da, bere funtzioa denbora laburrean pertsona kopuru handiari jaten ematea delako. Ia ez dago denborarik kalera irteteko eta Luxenburgoko plazako jatetxeetara joateko. Irtetea denbora galtzea da eta hemen barruan ordu erdian egin dezakezuna kanpoan ordu eta erdiko tartea bihurtzen da. Kontuan izan, inguru honetako zerbitzua oso arina ere ez dela.

Egoera horretan, zelan azalduko dizuet Parlamentuan bertan “On Egin” jatetxe hau hain hurbil izateak suposatzen didana?. Etxetik 1.300 kilometrora egon arren, gure inguruko zapore eta usainak dastatzeko aukera daukat. Lehengo astetik aurrera, ogitartekoak saltzen ziren denda zaharra zegoen leku berean, etxeko zaporeak, formak eta sentsazioak aurkezten zaizkigu orain. Kokotxak eta Txakolina gure ametsetatik irten eta berton geratzeko etorri dira, “On Egin” txokoaren epelean.  Eta, ez hori bakarrik, “on egin” esapide honen kutsu abegikorrak dozenaka azentu eta fonetikatan egiten du dantza,euskarak bizitasun berria bereganatzen du eta sukalderaino sartzen da, Europar Parlamentuko ate nagusitik.

Versión en castellano

Tags: , , ,

Category: Blog

Deja un comentario