ESKUBIDERIK GABEKO LANA EUSKAL ARRANTZA INDUSTRIAREN KONTRA.

pescafilipinasAmaitu berri dugun astean, Europar Parlamentuan kide ditudan beste legebiltzarkiderekin lankidetzan, ALDEren bidez bi ekimen jarri ditugu martxan europar erakundeei Tailandiako arrantza produktuekiko kontrol estuagoa eta jarrera zorrotzagoa aplikatzea eskatzeko, esklabutza erregimenaren pean bizi diren langileek produzitutako elikagaiak europar merkatuan sartzea ekiditea helburu. Ekimen hauek, kanpo gaietako eta segurtasunerako ordezkari gorenei eta Europako arrantza eta merkataritza goi agintariei zuzendu dizkiegu, Tailandiako gobernuarekin dituzten elkarrizketa eta akordioetan arazo hori kontrolatzeko beharra sartzea eskatzeko.

Ekimen honetan bidelagun ditut Aldeko eurodiputatu  Marinho, Torvalds, Calvet, Harkin, Hyusmenova eta Griesbeck . Gure asmo nagusia da Europar Batzordeari gogoratzea  Asia osoko hego mendebaldean  milaka pertsona, umeak barne, esklabutza egoeran lan egitera derrigortzen dituztela Tailandiako arrantza industriarako. Eta, ez dezagun ahaztu Tailandiari ere egotzi  izan zaiola arautu eta komunikatu gabeko arrantza praktikak egin izana. Egoera eskandalagarri hau  Nazioarteko Lan Erakundearen aurrean salatu dugu eta berehala desagerrarazi beharra dugu; eta ez bakarrik arrazoi sozialengatik, baizik eta baita ingurumen arazoengatik eta europar produkzio estandarrak betetzen dituzten arrantza industriei eginiko kalteak eragozteko. Europako industriaren mesedetan, ezinbestekoa da halako produktuen inportazioari muga zorrotzak ezartzea, batez ere produktu izoztuak eta transformatuak direnean. Batzordeak  etengabeko behaketapean du Bangkok, legez kanpo dauden praktika horiek direla eta. Tailandiako agintariek konponbiderik jartzen ez badute, europar agintaritzak bai berraztertu eta pentsatu beharko lituzkeela Tailandiarekin une honetan dituen harremanak.

Gai hau hainbatetan jorratu izan dut eta Bruselan egiten dudan lanaren ardatz izan da; gainera, hainbat ekimen aurkeztu izan ditut arazo honekin erlazionatuta . Gizarte eta ingurumen alorreko “dumping” izenekoa une honetan dagoen erronkarik nagusienetakoa da Europako arrantza industriaren biziraupenerako. Gure erakundeek europar produkzioak babesteko derrigorra dute. Europan eta mundu osoan, merkatutik kanpo utzi behar dira produkzio jasanezinak. Eta guztiz jasanezinak dira Tailandiako arrantzaleek pairatzen duten esklabutza eta itsasoa neurrigabe hustutzen duen arrantza modu onartezina.

Nils Torvalds kideak eta ekimen biotako beste lau eurodiputatuk azpimarratu dutenez Europak, arrantza produktuen lehen inportatzaile den neurrian, “sendo eta irmo jardun behar du  arrantza ilegalaren kontra, eta ez bakarrik ingurumen alorrean kaltegarria delako”. Tailandiak premia osoz ekin behar dio bere arrantza sektorean dauden gabeziak konpontzeari.

Batzordea koherente izatera animatzeko, arduradunei gogorarazi dizkiegu europar erakundeek Tailandiari egin dizkioten ohartarazpenak, gizarte eta ingurumen alorrean eragin kaltegarriak dituzten arrantza praktikak direla eta. Zentzu horretan aipatu dugu 2015eko apirilean bertan ireki zen prozedura, ekimen hauetan salatzen diren gabeziak zuzentzeko neurriak sei hilabeteko epean planteatzea eskatzeko. Jakin nahi duguna da gai hau ote dagoen  europar batzordeak Tailandiarekin  dituen harreman diplomatiko eta komertzialetan dituen lehentasunen artean. Era berean, Batzordeari galdetu diogu  ebaluatu ote duen inportazioak  debekatzeak  Asiako inguru hartako uretan  lanean ari den europar ontzidiarengan izango lukeen eragina.

Tags: , , ,

Category: Blog

Deja un comentario