ASKORAKO BALIO DUEN PARLAMENTUA

IMG_0787Askotan aurpegiratzen digute europar erakundeak hiritarrengandik urrun daudela,ezer gutxirako balio dutela eta jendeari interesatzen ez zaizkion gaiak jorratzen dituela. Egun pare batez hemendik  ibilita, edonor konturatuko litzateke hori ez dela egia. Horren adibide  da amaitu dugun astea. Esate baterako, aste honetan onartu dugu denda batean txartelarekin ordaintzen dugunean kobratzen dizkiguten komisioak txikitzeko araua. Pablo Zalba Nafarroako eurodiputatuak koordinatu duen txostena izan da. Produktu asko merkeago izango dira horren ondorioz. Gainera, gure taldea buru belarri sartuta dabilen kanpainaren bidez lortu nahi da Batasuneko gobernuek behingoz aplika ditzatela roaming tarifa lotsagarriekin amaitzeko xedapenak, hau da, atzerrira goazenean telefonoa erabiltzen dugunean aplikatzen dizkiguten tarifa neurrigabeak .

Lehen gaia benetan lotsagarria da. Sarri askotan gertatzen da dendek ez dituztela txartelak erabili nahi datafonoak erabiltzeagatik bankuei ordaindu behar dizkieten komisio altuengatik. Beste batzuetan kostea, zati batean, bezeroari aplikatzen diote  eta horrek produktuen garestitzea ekartzen du. Horregatik onartu dugu bankuek erosleen ordainketak zamatzeko ezartzen dituzten tasak murrizteko araua. Mugaz gaindiko ordainketetan eta txartel nazionalekin eginikoetan ezarritako mugak  erabiltzaileen kosteak murriztuko ditu. Lege hau onartu zen aldeko 621 botoekin, kontrako 26 botoekin eta 29 abstentziorekin.

tarjetas

Gaur egun, denda txikietako merkatariak derrigortuta daude era guztietako txartelak onartzera, txartelak jaulkitzen  dituztenek ezarritako baldintzen arabera. Araudi berriaren arabera,  sistema zehatza aukeratuko duten denda txikietako merkatariek araudi horren pean dauden txartelak baino ez dituzte onartu beharko. Eskubide hori baliatzen  badute, erosleek ikus dezakete dendariek txartel kopuru txikiagoa onartzen dutela, baina komisio txikiagoak izateak ekarri beharko luke koste baxuagoak izatea dendarientzat eta erosleentzat.

Lehenengo eta behin, arau horrek gardentasuna ekarriko du. Mugaz gaindiko transakzioetarako, transakzioaren balorearen % 0,2ko komisioa ezarri da. Bertako zordunketa- txartelekin egingo diren erosketetarako, Parlamentuak berak eskatu bezala, % 0,2ko muga hori aplikatuko da bost urteko trantsizioaren ondoren. Bost urte hauetan Estatu kideek komisioak “nazio barruan txartelarekin egiten diren transakzio guztien bataz besteko balorearen ” %0,2ra mugatu ahalko dituzte. Nazio barruko zordunketa-txartelekin egindako transakzio txikietarako, Estatu kideek transakzio bakoitzeko 0.005 euroko gehienezko komisioa ezarri ahalko dute, trantsizio aldiko bost urteren buruan.  Kreditu- txartelekin egingo diren erosketetarako, komisio muga erosketaren balorearen %0,3koa izango da eta Estatu kideek komisio muga txikiagoa jarri ahalko dute nazio barruko kreditu- txartelekin eginiko erosketetarako.

Araudi berria ez da aplikatuko “hiruko” izena daramaten txartel sistemetan, hau da, Diners edo American Express (banku bakarra inplikatzen baitute) betiere, txartela sistema berriaren pean egiten eta prozesatzen baldin bada. Enpresa gastuak ordaintzeko txartel komertzialak ere salbuetsita egongo dira . Hiru urteren buruan, araudi bera aplikatuko da “hiruko” sistema daramaten txarteletan, hau da txartelak jaulkitzen dituztenak legearen gainetik eginez eta “lauko” sistema izango balute bezala funtzionatzeko erabiltzen duten sisteman. Parlamentuan bozkatu ondoren, araua Ministroen Kontseiluak berretsi beharko du  eta indarrean sartuko da sei hilabete geroago.

Hain zuzen ere, tramite horregatik izan da telekomunikazioen merkatuari buruzko arauaren aplikazioa geldituta geratu dela. Arau honek mugikorren telefoniaren roaming delakoa beheratzen zuen, eta hori ere Parlamentuan onartu genuen mugikorren zerbitzuan ematen diren prezio neurrigabeen  eta gehiegikerien kontra egiteko. Horregatik, Guy  Verhofstadt talde-buruarekin batera, ALDE taldeko kideok osoko bilkura aretora eraman dugu gure protesta. Kontseiluak ez du beherapen hori 2018 urtera arte martxan jarri nahi.

Hori dela eta,  taldeko guztion babesarekin,  Guy Verhofstadt talde-buruak martxoaren 19 eta 20ko gailurrean batzartuko diren  estatuko buruei gogoratu die  enbaxadoreen hutsegitea zuzentzeko aukera dutela eta parlamentuaren jarrera babestu ahalko dutela gehiegikeria horrekin urte honetako bukaeran amaitzeko. Ikusten duzuenez, horiek dira europar hauteskundeetako kanpainetan agertzen diren bi gai, Europar Parlamentua garrantzitsua dela ikusteko. Gure eguneroko bizitzako gaiak dira biak, bizitza bera bezain errealak eta egunerokoak.

Tags: , , ,

Category: Blog

Deja un comentario