EUSKAL Y TRENBIDEAK TUNEL AMAIERAKO ARGIA IKUSTEN DU,AZKENEAN
Aste honetan, benetan poztu gaitu Sustapen Ministro andreak Euskal Y trenbidea amaitzeko lanei data zehatza jartzeko konpromisoa hartu duelako albisteak. Espero dezagun bisitak benetan balio izatea eta Euskal Y trenbidea egiteko egitasmoa behin betiko finkatuta geratzea. Ez da apeta, ezta gutxiago ere. Europar egitasmoa da, gure kokapen geoestrategikoari bere etekin osoa aterako diona. Gainera, urteetako atzerapena darama. Benetan pozten naiz konpromiso hori gauzatzearekin, baina tristea da urteak eta urteak legebiltzar ezberdinetan argitasun hori eskatzen aritu garenok horrenbeste itxaron behar izatea, azken erantzuna beste esparru batean emana izan dadin. Ongi etorria izan dadila iragarpena. Ea orain, egintzetan gauzatzen den.
Lan horretan aritu izan gara jo eta ke hainbat erakundeetan. Hemendik ere, Bruselan, niri dagokidan erantzukizunaren aldetik, jarraipen hurbila egin diogu egitasmoari, «Europa zeharkatzeko garraio sareak» txostenean ALDEren txostengile eta ordezkari naizen aldetik. Hainbat eta hainbat ekimen aurkeztu ditugu, eta une oro saiatu izan gara harreman onak izaten Carlo Secchi Europa mailan korridorearen koordinatzaile denarekin eta Kallas komisarioarekin berarekin ere .Orain, ahalegin hori berori egiten ari gara, Bulc komisario andrearekin lan egin ahal izateko. Legebiltzarreko txostengile eta Europa osorako egitasmoen defendatzaile sutsu naizen aldetik, txostengile izan ginen, esate baterako, Tallín-en egin ziren TEN-T delakoetan.
Tallínen bertan,hain zuzen ere, Espainia, Frantzia eta Portugalgo gobernuek adierazpen bat izenpetu zuten Atlantikoko korridorean dagozkien lanen inguruan, eta iragarpen honekin gainditzen diren konpromisoak agertzen ziren bertan. Poztu egin naiz, fase horretan eta korridore ezberdinetako europar arduradunen figura indartzeko aurkeztu genuen zuzenketak aurrera egin zuelarik, lanei jarraipen hurbilagoa egin ahal izango diegulako eta jarraipen taldeetan euskal agintariek ere parte hartu ahalko dutelako. Garrantzitsua ere bada gogoratzea Juncker planaren inguruan egin ziren bileretan mahai gainean jarri genuela, lan garrantzitsu eta funtsezko hauek inbertsio horietan egon beharko luketela, eta diru horrekin bultzatu beharko liratekeela . Hala izan da, zorionez. Uste dut egitasmoaren zati bat planaren zerrendan sartu izanak bultzadizoa eman dezakeela Sustapen Ministerioak bere konpromisoak bete ditzan .
Ez dugu esan gabe utzi nahi, egitasmo hau ez dela bakar batzuen apeta hutsez eta «argitasun » une batean sortu zen proiektua. Seguruenik izango da azken hamarkada hauetan Euskadin egin den lan publikorik garrantzitsuena, eta gure garapenerako oinarrizko egitasmoa da. Europan kokatzen gaitu eta gure produkzio sarea bere merkatu naturalekin lotzen laguntzen du. Gainera, beste garraio modu batzuk ematen dizkio bide azpiegiturak gainezka dituen eskualderi eta gure portuen sarea lotzen du tren, aireportu eta errepideekin, gaur egun lotzen duen moduan baino eraginkorrago.Espainiar estatuaren eta Frantziarren artean dagoen inbutua ezabatzen du . Azken finean, baldintza guztiak betetzen ditu Europak lan hau lehenets dezan eta hurrengo urteetan egin beharreko inbertsio publikoen barruan aurreikus dezan .
Lana bultzatzeko egin dugun ahaleginak ulertezin egiten ditu ministro andrearen bisitaren kariaz egin diren adierazpen partidista batzuk. Ikaragarria da, urteetan lanak atzeratzen, dirua lehenetsita ez dauden egitasmoetara desbideratzen eta lan hauetan garrantzitsuena dena egin gabe uzten ibili direnek, orain ekimenik eza Eusko Jaurlaritzari egoztea . Eta, Eusko Jaurlaritza izan da, zalantzarik gabe, estatuari zegokiona bere gain hartu eta tamaina honetako lan hau lideratzeko eta martxan jartzeko indarra erakutsi duena .
Category: Blog