ANIZTASUNEAN BAT EGINIK? HERMES ALDIZKARI AZKEN ZENBAKIAREN HAUSNARKETA

| 16 diciembre 2014 | Responder
Ezkerratik eskumara, José Antonio Rodriguez Ranz, Juan Mari Atutxa, Andrés Urrutia, Patxi Baztarrika, Ni neu, Adolfo Arejita ta Erramun Osa, Hemes aldizkari azken zenbakiaren aurkezpenean, SAF-eko egoitzan

Ezkerratik eskumara, José Antonio Rodriguez Ranz, Juan Mari Atutxa, Andrés Urrutia, Patxi Baztarrika, Ni neu, Adolfo Arejita ta Erramun Osa, Hemes aldizkari azken zenbakiaren aurkezpenean, SAF-eko egoitzan

Pasaden ostegunean Sabino Arana Fundazioaren egoitza azken Hemes aldizkarien zenbakia aurkeztu genuen. Ezer baino lehenago, Sabino Arana Fundazioari  eta Euskaltzaindiari, nire eskerrik beroenak, pasa den otsailean Bilbon hizkuntza gutxituen eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen inguruan egin genuen mintegiko ondorioak zabaltzeko egin duten ahalegin ikaragarriagatik. Hermes aldizkariaren azken zenbakia, bereziki esanguratsua iruditzen zait horregatik.

Oso lan interesgarria izan da informazio baliogarria ez galtzeko balio duelako.  Orain dela zortzi hilabete protsezu honekin hasi ginen.  Joan den 2013ko irailaren 11n, Europako Parlamentuan gehiengo handiz onetsi zen “Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena”ren karietara, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu zuten egile eta gertakuntzan ere parte hartutakoekin. Elkarraldi hartan  egindako gogoeten eta hartutako konpromisoen emaitza da Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 48 zenbaki hau.

PORTADAHERMES

Jardunaldian, Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekide biez gain —François Alfonsi (Berdeak-ALE Taldekoa) eta Csaba Sándor Tabajdi (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistaren Taldekoa)—, baita aritu ziren ere Izaskun Bilbao EAJ-PNVko eurodiputatua; Ramón Tremosa, CiUko eurodiputatua, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea,  bai eta beste eurodiputatu batzuk  eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta euskara, hezkuntza eta euskal kultura arloetan lan egiten duten elkarte eta erakunde zenbaiten ordezkariak.

Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren zenbaki berezi horrek gaiaren gaineko zenbait gogoeta ere jaso ditu, honako hauenak: François Alfonsi, Csaba Sándor Tabajdi, Izaskun Bilbao, Patxi Baztarrika eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Argitalpenaren zenbaki berriaren aurkezpenean Juan Mª Atutxak, Hermesen argitaratzailea den Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, zera adierazi zuen: “Hain zuzen ere, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa eta hizkuntzen arteko bizikidetza dira, hizkuntza guztiek, eta batez ere hizkuntza gutxituek, aurre egin  behar dieten erronkarik handienetako bat”.

Horrexegatik —nabarmendu zuen—, “indartsuenaren  legearen aurka, hizkuntza hegemonikoek bere kautakoa duten  lege horren aurka,  Alfonsí txostenak  argi eta garbi utzi ditu gauzak, baldin eta  Europako 225 hizkuntzen bizikidetza sustatzen duen europar politika bat nahi bada:  politika horrek hizkuntza-aniztasuna onartu behar duela  XXI. mendeko Europaren nortasun-ezaugarritzat, ondare bizitzat eta harrointzat”.

Andrés Urrutiak, 48 zenbaki horretan idatzi duen kolaborazioan, ikuspuntu juridikotik aztertzen zuen Europar Parlamentuak 2013ko irailaren 11n hartutako ebazpenaren ekarpena, eta prentsaurrekoan esan du ze “Ekin eta Jarrai  izan zela Euskararen Akademia sortu zutenen goiburua, eta gaur egun ere horixe dela Euskaltzaindiaren helburua. Eta etengabeko ahalegin horretan, Europak gogoratzen digu gure zera  hori ez dela bakarrik gutxi batzuen ondarea, guztiena baino”.

Aipatu txostenaren sustatzaile nagusietako batek, François Alfonsik, bere artikuluan, indarrak batzera deitzen du, eta dio ze “hizkuntza-komunitateak, bakarka ahulak badira ere,  euren indarrak batzen jarraitu behar dutela, horrela presioa denek batera egiteko Europako instituzioetan”.

Patxi Baztarrikak, bere aldetik, Europan diskurtso berri bat eraikitzearen garrantzia nabarmendu zuen: “diskurtso bateratu eta eraginkor bat, hizkuntza-aniztasunaren aurka  sarri entzuten ditugun sasi-liberalismo horiek gainditzeko, eta aldi berean, Europaren aniztasunaz denaz bezainbatean, konpromiso aktibo bat sustatzeko balioko duena”.

Europako Parlamentuko Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistaren Taldearen ordezkari Csaba Sándor Tabadjik adierazi du ze “Europar Batasunak   konpondu gabe duen erronka handietako bat, zeregin nagusietako bat, dela, gutxiengo tradizionalak babestea, Europaren aniztasunaren oinarrizko zati bat baitira. Eginkizuna  benetan itzela   da, europar biztanleriaren % 8ri eragiten baitio, eta oso garrantzitsua da Batasunaren baitan egonkortasunari eta bakeari eustea.”

Nire aldetik ekitaldi honetan hiru ardatz azpimarratu nituen. Hasteko, hizkuntza horiek zaindu eta babestu nahi dituztenek, eta egunero indartzeko eta sustatzeko horren lan handia egiten dutenek jakin behar dute Bruselan  ataza horretan laguntzeko urrats benetan erabakigarria eman dela. Eurodiputatu gehienek uste dute euskara moduko hizkuntzak europar aberastasunaren parte oinarrizkoa direla, eta defendatu eta babestu behar direla. Europar Parlamentuak, ia aho batez esan du  Euskadin gure hizkuntzaren alde garatu diren sustapen politikak teknikoki zuzenak izateaz gain, erabat europazaleak direla. Gainera, Europar Batasunaren aldetik, sustapen lan horiek  defendatzeko konpromisoa hartu da, eta apustua egin da Europak inplikazio handiagoa izan dezan. Era berean bilatzen da eskatu kideek beren herrialde barruan dauden hizkuntza gutxituenganako errespetu estandarraren aldeko konpromisoa hartzea. Kontua da, orain arte gutun eta gomendioetan islatu diren hitz on horiek guztiak, egintza erreal bilakatzea.

Bigarrenez, mintegia egitera eraman gintuen legebiltzar txostenak konfirmatzen digu Europa nazio gutxituen inguruko eztabaida jorratzen ari dela. Gai kritiko batekin hasten da, hizkuntzena. Baina are eztabaida zabalagorako bidea ematen du: Europa barruan bizi diren nazio gutxituetako hiritar guztien eskubideen ingurukoa, hau da, berrogeita hamar milioitik gora lagunen eskubidearen gaineko debatea. Eztabaida geldiezina da, gizartean dagoelako. Eta, eztabaida beharrezkoa ere bada, arazo erreala konpontzeko irtenbidea eskaintzen duelako, europar nazio batzuek estatu batzuetan eta Europa barruan sentitzen duten deserosotasun eta ezadostasunaren inguruan.

Arazoaren sorburua dago estatu kide batzuek nazionalismoaz duten kontzeptu okerrean, burujabetza eta nortasunari buruzko kontzeptu zaharkituetan tematuta daudelako. Espainiak ez du bere “demosa”, hau da,  bere demokrazia partekatzen, eta oso konstituzionalizazio maila eskasa dauka. Beraz, estatua ulertzeko modurik zaharkituenaren adibiderik nabarmenena da,  federala izan behar den Europa barruan. Agerian dagoena ukatzeak, gauza guztiei ezetz esateak, gai horien gaineko eztabaida atzeratzeak  egoera gaiztotu besterik ez du egiten, arazo bihurtzen du.  Europar Batasunaren sorburua dago aniztasuna era harmonikoan bateratzeko gaitasunean. Saiatzeari uko egiten diotenak Europaren kontrakoak dira. Espainiak bere barruko aniztasuna kudeatzeko erabiltzen dituen kontzeptuek ezinezko egingo zuten  gaur egun ezagutzen dugun Europar Batasuna; eta, ez hori bakarrik, nahi eta behar dugun Europar Batasuna eragozten dute.

Amaitzeko, gero eta gehiago gara nazio gutxituen arazorako, hizkuntza gutxituentzat jartzen den konponbide berbera defendatzen dugunak. Europar legeri loteslea behar dugu gutxiengoen eskubideen inguruan. Estatu batek gai hauen inguruan negoziaketa eta elkarrizketa blokeatzen duenean, europar egitasmoaren beraren egonkortasuna mehatxatzen du. Horregatik defendatzen dugu Batasuna bera izatea arbitro lana egingo duena printzipio demokratikoak oinarri harturik. Ez inposatzea, ez eragoztea eta erabaki horiek hiritarren esku jartzea. Demokrazia tresnarik onena izan da, da, eta izango da,  sor daitezkeen eztabaida eta tentsioak bizikidetza bihurtzeko orduan. Europar Batasuna bera da horren adibiderik onena.

Tags: , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario

Plugin creado por AcIDc00L: bundles
Plugin Modo Mantenimiento patrocinado por: seo valencia