EUROPAN URTE ONA EUSKARARENTZAT

fotoantxeta  Asteon, Iñaki Irazabalbeitia Aralar taldeko eurodiputatuarekin batera, beste ekimen bat jarri dut martxan Frantziar estatuari, bere lurralde barruan euskarari ematen dion estatusa birplanteatzeko beharra adierazteko. Zehatzago esanda, Bruselan Euskadiko ordezkari garen gu bion artean, Europar Batzordeari zuzendutako galdera  izenpetu eta aurkeztu dugu Frantziako gobernuak iazko urtean ” Antxeta irratiari”  “Emakumeen Ahotsa ” egitasmoa garatzeko eman zion diru-laguntasuna aurtengo ekitaldian zergatik kendu dion jakiteko.   Diru-laguntasun hori zetorren “Gazteak ekinean” izeneko europar egitasmotik. Eta, Frantziaren kasuan funts hauek Frantziako Gobernuak berak gobernatzen ditu. Egitasmo hau kudeatzen duen frantziar agentziak eman duen arrazoia izan da  “emakumeen ahotsa” ekimen honek europar edukirik ez duela eta Euskara hutsean eginda dagoela. Galdera egiteko planteamenduan bertan azaldu dugun moduan, erabaki hori hartu dutenek ez omen dakite euskara, berez, mugaz gaindiko harremanak sustatzen dituen elementua dela, Europar Parlamentuak  euskararen kasuan onartu duen bezala. Gogora dezagun Europako Parlamentuak ” Europar Hiritarra” saria Euskaltzaindiari eman diola zentzu honetan egiten duen lanagatik .   Egitasmoak , era berean, mugaren alde biotako emakumeak sartzen ditu tartean, eta Bidasoa ibaiaren alde bietan kokatutako udalerrietara iristen da, besteak beste Hendaia, Biriatu eta Urruña (Frantzian) eta Hondarribia eta Irun ( Espainiar Estatuan). “Emakumeen ahotsa” egitasmoaren helburua da inguruko emakume gazteei irrati programa bat egiteko eta kudeatzeko gaitasuna ematea, Europan hedatu eta bultzatu nahi diren baloreak hedatzeko eta bultzatzeko,besteak beste genero berdintasuna eta solidariotasuna . Jarduera garatzen den ingurua benetako europar bidegurutzea da, Afrika,Latinamerika eta Europako ekialdeko etorkinak hartzen dituen gunea eta mugaz gaindiko lankidetza egitasmoen egiazko laborategia.   Egitasmoak laguntasunak jaso zituen “Gazteak ekinean” izenburuko egitasmoaren aurreko edizioan.  Eta horregatik, benetan arraro egiten zaizkigu Frantziako agintarien erabakiarekin azaldu diren zioak . Batzordeari eskatu diogu bere erabaki hori berraztertzea, izan daitekeelako europar hiritarrak diskriminatzea Europako hizkuntza gutxituak erabiliz Europaren eraikuntzan laguntzeko ekimenetan ari direlako. Zentzu honetan ere interpretatu behar dira Aralarrekin batera eta Catalunyako hainbat diputaturekin elkarlanean garatzen ari garen jarduerak, Frantziak, behingoz, Hizkuntza gutxituen karta izenpe dezan, eta esan dizuedan gertakaria bezalakoak gehiago gerta ez daitezen .   Edozein kasutan, aurreko urtea benetan ona izan da euskararen presentzia Europar Erakundeetan indartzeko. Lortu ditugunen artean, bost zedarri garrantzitsu azpimarratuko nituzke  :

  • Euskaltzaindiarentzat      “Europar Hiritarra” saria lortu dugu. Euskaltzaindia erakundearen kandidatura aurkeztu      eta defendatu genuen, eta azkenean saria lortu zen. Europar Parlamentuko      Presidenteak sari hau eman zion Bruselan Andres Urrutia      Presidenteari.Bruselako ekitaldia baino lehenago,Madrilen        ere aurkeztu eta ospatu zen.

 

  • Euskararen      lurraldeetako ordezkariak Estrasburgon  izan ziren      euskararen egoera azaltzeko eta euskararen inguruan onartu diren politika      publiko ezberdinek izan dituzten emaitzak azaltzeko. Nafarroako gobernuko      ordezkariei ez zitzaien gustatu beren politikek gure hizkuntzan duten      eragina datuetan hain argi azaltzea, eta protesta formala egin zuten.      Datuak argitaratzeagatik eta zabaltzeagatik soilik .

 

  • Desagertzeko arriskuan      dauden hizkuntzen defentsari buruzko Alfonsí Txostena onartzea. Agiri garrantzitsu      horretan oinarrizko printzipioak sartzea lortu genuen Eusko      Jaurlaritzarekin batera landu genituen 17 zuzenketen bidez. Estekan      ikusten duzuen bezala, txostena euro-ganberaren gehiengo zabal batez      onartu zen .

 

  • Estrasburgon Euskalherria Irratiaren agerraldia antolatzea,      irrati horrek pairatu dituen politika eta erasoak azaltzeko.

 

  • Hizkuntza gutxituetan eginiko      kultur produkzioa Europar Batzordeak kultur industria babesteko abian      jarri duen egitasmo berriaren barruan sartzea. Erabaki horren berri eman      genuen Euskararen Nazioarteko Egunean. Batzordearen aldetik albiste hori      jaso genuen Europa Sortzailea egitasmoaren      jarraipena egiten ari ginen bitartean. Dakizuenez egitasmo      horrek lehenagoko egitasmo guztiak ordezkatzen ditu, sorkuntzazko jarduera      industriala babesteko lana  bakoitza      bere aldetik eta sakabanatuta egiten zutenak .

Hurrengo hilabeteotan ere, dinamika horrekin jarraituko dugu. Emango dugun hurrengo urratsa izango da  Euskadin Alfonsi txostenaren edukiak azaltzeko ekitaldia antolatzea eta egitea. Garrantzi bizikoa da hau euskararentzat,  eta primeran datorkigu Aznarren taldeko  sermolari horiei merezi duten erantzuna emateko. Haserre omen dago baten bat, euskaldunok euskara maite dugulako eta euskara babestu nahi dugulako, eta erabaki irmoa hartu dugulako Europan eta mundu osoan euskara hizkuntza bizia izan dadin. Eskerrak halako  testu iraingarri horiek izenpetzen dituzten batzuek beren buruari “progre” izena ematen dioten…Dena dela, hurrengo asteotan eta halako “sasi-maisuen” harridurarako, euro-ganberak gurea bezalako hizkuntza, kultura eta nazioen azterketan sakonduko du, Osoko Bilkuran eztabaida interesgarria piztuko duen ahozko galdera baten tramitearen bidez. Ekimen horrek  ere  zer kontatu ugari ekarriko digu etorkizunean .

Tags: , ,

Category: Blog

Comentarios (1)

Trackback URL | Comentarios Feed RSS

Sitios que enlazan a este Post

  1. ELKARREKIN BILBON EUSKARAREN ALDE. : IBB Europan / Europa según IBB | 23 febrero 2014

Deja un comentario